Noticias
Atrás Kirol eta Jarduera Fisiko Orientazio zerbitzua eskainiko da aurrerantzean Zestoan
27·10·2026

Argazkian: Olatz Urbizu, Osasun zentroko erizaina; Mikel Arregi, Zestoako alkatea; Alaitz Egaña, Kirol eta Jarduera Fisikoko Teknikaria; eta Auritz Arrizabalaga, orientatzailea.
Aurrerantzean, Kirol eta Jarduera Fisiko Orientazio zerbitzua eskainiko da Zestoan. Zerbitzu berriaren helburua, Zestoar guztientzat, doan, jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruko aholkularitza eta orientazio pertsonalizatua eskaintzea da, hain justu, Zestoako herritarren bizitza aktiboa eta osasuntsua bultatzeko asmoz.
Pertsona bakoitzaren egoera fisikoaren, beharren, baliabideen eta lehentasunen arabera emango da zerbitzua, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziaren arloko aditu batek eskainiko du. Orientatzaileak, Osakidetzatik egiten diren deribazioak artatuko ditu eta bihar, urriaren 28a, asteazkena hasiko da zerbitzu berria. Osakidetzatik egingo diren deribazioak artatuko dituenez orientatzaileak, Osasun Zentroan bi ordu egingo ditu asteazkenero (09:00etatik 11:00etara), eta bertan egingo du lehenengo bilera erabiltzaileekin. Ondoren, jarraipena Kiroldegian egingo zaie erabiltzaileei beste bi orduz: 11:00etatik 13:00etara.
Hainbat dira zerbitzu berri honen helburuak: pertsona inaktiboak edo sedentarioak aktibatzea; bizitza sedentariotik aktibora pasatzeko laguntza pertsonalizatua eskaintzea; indarra, oreka eta autonomia lantzeko beharra dutenak, bakardade egoeran egon daitezkeenak eta bizi-kalitatea hobetzea helburu dutenak artatzea, besteak beste.
Orientatzailea irailetik ari da lanean, baina orain arte barne lana egiten aritu da: herrian dauden eskaintza, zerbitzu eta aukerak identifikatu ditu, ondoren kirol orientazio zerbitzua martxan jartzen denean bakoitzari nola lagundu argi izateko.


