Noticias

Atrás Kataluniako egoeraren aurrean adierazpen instituzionala onartu du Zestoako Udalak

Adierazpen instituzionala atzoko osoko bilkuran onartu zen, EHbilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.

25·10·2019


Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Kataluniako bederatzi ordezkari independentistari. Hori dela eta, Zestoako Udalak adierazpen instituzionala onartu zuen atzo egin zen ez-ohiko udalbatzarrean, epaia salatzeko eta Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei, Kataluniako herriari eta erakundeei elkartasuna adierazteko.

Adierazpena EHbilduko ordezkarien aldeko botoekin eta EAJko ordezkarien abstentzioarekin onartu zen. Jarraian irakur dezakezue onartutako adierazpena:

 

1. Zestoako Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

2. Zestoako Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Karaluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

3. Zestoako Udalak nabarmentzen du Kataluniako 'Procés'-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

4. Zestoako Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere, herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.

5. Zestoako Udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.

6. Zestoako Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei, hala nola, Kataluniako herriari eta erakundeei, eta Zestoako herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.

 

Zestoan, 2019ko urriaren 24an