Noticias
Atrás I. Kobaz Koba Trail el 14 de febrero
07·01·2016
Amalda, Erralla, Danbolinzulo, Arluze, Ekain, Erlaitz eta Irikaitz Historiaurreko haitzuloak eta aztarnategiak lotuko dituen mendi lasterketa berria antolatu dute Zestoan. Otsailaren 14an jokatuko da I. Kobaz Koba Traila, Zestoan hasi eta bukatuz. Ibilbideak 25 kilometro izango ditu.
Kobaz Koba Traila Mendi lasterketa lehen euskaldunen bidetik leloa hartuta antolatu du Arazik, Zestoako Udalaren babesarekin. Hala adierazi dute antolatzaileek: «Euskal Historiaurrera garamatzan lasterketa da. Azken izoztaroan euskal mendietan iraun zuten lehen euskaldunek. Elur eta izotzez estalitako mendietan, ehiza eta fruitu bilketa ziren beraien bizimoduaren eta elikaduraren oinarria». Proba berri honekin, «iragana bizitzeko esperientzia» eskaini nahi dute.
«Kultura, turismoa eta kirola uztartuko ditu lasterketak», esan du Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak. «Kirola egitearekin batera, ibilbideak aukera eskaintzen du kobazulo eta aztarnategien inguruak eta herriko auzoak ezagutzeko. Kiroldegiko kirol teknikariak proba bat egin nahi zuen, eta hori antolatzeko herrian dugun aberastasuna aprobetxatu dugu. Zestoa mendia eta natura da, eta aprobetxatu egin behar dugu hori».
Proban izena emateko epea oraindik ez dute zabaldu, baina Zestoako Udaletik aurreratu dutenezKirolprobak.com webgunearen bidez izango da. 20 euro ordaindu beharko dira bertan parte hartzeko, eta horren barruan honakoak sartuko dira: dutxa zerbitzua, aldagelak, kontsigna, lasterketako elastikoa, Ekainberrirako sarrera, hamaiketakoa eta anoa postuko jatekoak nahiz edatekoak.
Sariak lehen hiru gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat jarriko dituzte, eta baita lehen emakume eta gizonezko zestoarrarentzako ere.
Tailerrak ondoren
Mendi lasterketaz gainera, Historiaurrearekin lotutako beste ekintza batzuk ere antolatuko dituzte otsailaren 14rako. Txokoak eta tailerrak jarriko dituzte, eta euskal produktuak dastatzeko aukera ere izango da.
(Iturria: Urola Kostako Hitza)