Noticias
Atrás Hirugarren adinekoentzat arreta pertsonalizatua
23·03·2020
Zestoako Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik hirugarren adinekoei telefonoz deituko diete datozen egunetan, era pertsonalizatuan. Alde batetik, astebete pasa da Eguneko Zentroaren zerbitzua eten zenetik eta zerbitzu horren erabiltzaileei hots egiten hasiko dira teknikariak. Bestetik, herriko hirugarren adinekoei deitzeari ekingo diote. Lehentasuna izango dute bakarrik bizi direnek. Ekimenaren helburua hirugarren adineko pertsonek konfinamendu garai honetan bizi duten egoeraren berri izatea da eta izan ditzaketen beharrei erantzuteko neurriak hartzea.
Zestoako Udaleko bulegoak harrerarako itxita daude arren, langileek lanean jarraitzen dute eta telefono bidezko arreta eta arreta telematikoa ematen dihardute. Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzeko, 943 147 132 telefonora deitu edo gizartekintza@zestoa.eus idatz daiteke.
Oraingoz, ohiko ordutegian ari dira lanean, 8:00etatik 14:00etara. Epe laburrean, herrian sor daitekeen Gizarte Zerbitzuen beharra aurreikusita, ordutegia arratsaldera zabaltzea ari da aztertzen Zestoako Udala.
Erosketa zerbitzua
Bestalde, aurreko astetik dago martxan etxetik ateratzeko zailtasunak dituztenentzat eta etxetik ateratzea komeni ez zaienentzat erosketa zerbitzua. Familia edo babes sarerik ez daukaten adinekoei zuzenduriko zerbitzua da eta 615 768 980 deituta edo auzolanazestoa@gmail.com helbidera idatzita egin behar da zerbitzuaren eskaera.