Noticias

Atrás Grebalarien inguruko udalaren oharra

Zestoako udal gobernuak, grebalariek mahai negoziatzailea utzi izanaren inguruan ondorengoa adierazi nahi du.

30·07·2022


Batetik, hainbat bilera egin eta gero eta udalaren aldetik grebalarien hainbat eskari onartu ondoren, benetan zur eta lur utzi gaitu negoziazio mahaia utzi eta elkarrizketak eten izanak. Aurreko agerraldietan adierazi bezala, ezer negoziatzen hasi aurretik greba deitu izana gure ustez bidezkoa izan ez zen bezala, grebalarien ordezkaritza mahaitik altxa izana ere ez zaigu bidezkoa iruditu.

Arazo edo talka nagusia lan esperientzia baloratzerakoan gertatu izan da. Udalaren aldetik marra gorria argi jarria zegoen, Zestoako Udalean inoiz lanik egin gabekoek, nahiz bertakoek baino zailagoa eduki, gutxienez bertakoak adina lortzeko aukera matematikoa izan beharko lukete. Batetik, aukeren berdintasuna eta publikotasuna aintzat hartu behar direlako eta bestetik, alegazio eta demanda zaparradari aurre egiteko orduan, gurea bezalako udal txiki batek etorkizunean arazoak izan ditzakeelako.

Hala ere, udalak egindako azken proposamenaren arabera, epe motzean botako diren lanpostuak eskuratzeko aukerarik handiena askogatik bertako langileek izango lukete, baldin eta horretarako lanpostu bakoitzean eskatzen diren gida baimen eta ikastaroak eginak balituzkete. Onartezina da hiru urte eta gero, adibidez brigadako langileek kamioiko gida baimena bereziki puntuatuko zela jakinda ere, oraindik atera gabe izatea; eta kasik zuzenean lanpostua emateak, eskatzen ari zaizkigun bezala, gida baimenak denon diruarekin finantzatu behar izatea suposatuko luke.

Grebalarien adierazpenetan azken bileran izandako errespetu falta aipatzen da. Horrelakoetan errespetu falta alde guztietatik eman ohi da, askotan tentsio uneak izan ohi direlako. Alde emozionala bileretan uzten jakin behar da eta tentsioa aguantatzen ere denok ikasi behar izan dugu. Izan ere, errespetu falta, udalak ez ezik, ordezkaritza sindikalak eta greban ez dauden langileen gehiengo zabalak ere pairatu behar izan dute.

Bestalde, ez da parte onekoa, herriko alkatearen aurka deskalifikazio pertsonalekin espazio publikoan pankartak jarri dituenak, besteei errespetu eza leporatzea.

Udalak lanpostu hauen oinarriak abuztuaren lehen hamabostaldian bidali behar ditu eta benetan zentzugabekeria da, eraginik ez lukeela jakinda, greba irailaren 11ra arte luzatzea. Helburua udalari ahalik eta kalterik gehien egitea dela dirudi eta herritarrek ez dute errurik.

Zestoako udal gobernuak eta ordezkaritza sindikalak mahaian eserita jarraitzen dute, akordioa grebalariek esaten dutena baino gertuago dagoela sinesten dugulako, nahiz horretarako aurrekoa dagoen tokian eta dituen erantzukizunak zeintzuk diren jabetzeko esfortzua egin beharko luketen. . Erakunde publiko bat ezin baita enpresa pribatu bat bailitzan tratatu.

Bukatzeko, Zestoako Udalak, grebak eragindako lan karga gehigarria hartu behar izan duten udal langileei eta Arroa Beheko eta Arroa Goiko herritar eta festa batzordeei eskerrik beroenak eman nahi dizkie jaiak antolatzeko orduan auzolanean egindako lanagatik.