Noticias

Atrás Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Zestoako Udalaren adierazpen instituzionala

Euskararentzat aukera berriak zabalik daude eta hazi eta berritu dadin gure hizkuntzaren biziberritzeari heldu behar diogu.

03·12·2025


Euskararentzat aukera berriak zabalik daude eta hazi eta berritu dadin gure hizkuntzaren biziberritzeari heldu behar diogu. Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, zaildu egiten du komunitatearen indarra eta zentzua. Hiztun-komunitatea ez da berez mantentzen; zaindu, elikatu eta piztu egin behar da.

Debeku eta errepresio bortitzen aurrean gure arbasoek eutsi zioten. Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasa da. Zein da sekretua? Zein indar, zein ilusio izan da gure hizkuntza gaur arte ekarri duena? Milaka urte, milaka pertsona, milaka amets eta ahalegin. Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra gazte bihurtu du. Horregatik, unea da. Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea. Euskarak bide luzea egin du. Luzeena, agian, Europa zaharrean. Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau, hazi eta berritzen ari da baina gure hizkuntzaren iraupena mehatxuz josita dago. Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik erakundeetaraino, euskaraz hitz egiteko gune erosoak sortzeko unea. Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea. Euskararen ezagutza zabaltzeko unea. Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu eta berriak irabazteko unea. Euskararen biziberritze-prozesuari segurtasuna emateko indarrak biltzeko eta urrats berriak eta ausartak egiteko unea. 

Eskerrik beroena urte luzez euskara bizi, euskaraz bizi eta biziarazi dutenei. Zuen lan isilak ekarri gaitu honaino, eta etorkizunak oraindik ere zuen beharra du. Pozetik, atxikimendutik, ilusioz eta emozio positiboetatik abiatuta, euskarari distira emateko, Eta euskara guztion hizkuntza bihurtzeko.

Euskara da! Guztiontzat da. Euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, ate berri bat da. Batzen gaituen hizkuntza bat. Elkar ulertzeko gonbidapen bat. Mundu berri bat ireki behar zaio euskarari. Eta euskararekin, edonori. Ate berriak zabaldu eta lur zoru berriak landuko ditugu, denon artean. Hazi emankorragoak ditugu lur berria ereiteko.

2025eko Euskararen egunean, gugandik abiatuta, ondorengo konpromiso hauek hartzen ditu Zestoako Udalak:

  • Udal politiketan euskara erdigunean jartzea.
  • Hizkuntza politikan atzera urratsik ez egitea.
  • Euskarak behar duen jauzian udalari dagokiona egitea, eta horretarako bitartekoak jartzea.