Noticias
Atrás Eskualdean dauden haur sahararrei ongietorria egin diete Zestoako udaletxean
17·07·2026

Urtero bezala Oporrak Bakean egitasmoari esker hainbat haur saharar etorri dira uda eskualdean pasatzera: bost haur eskualdeko familietan daude, Zestoan aurten ez dago bakar bat bera ere. Harrera familiarik ez duten beste 13 haurrek, berriz, Azpeitiko Ikasberri Ikastolan pasako dituzte bi hilabete hauek eskualdeko begiraleekin.
Gaur eguerdian, Zestoako udaletxean ongietorria egin diete Mikel Arregi, Zestoako alkateak eta Mojtar Labuehi, saharar herriaren Euskadiko ordezkariak,. Ekitaldian, haurrek hainbat opari jaso dituzte eta ondoren jolasak egin dituzte parkean. Jarraian, bazkaria izan dute Batzokian eta arratsaldean Ekainberrin bisita gidatua egingo dute.
Arropa eta oinetakoen beharra
Bestalde, haur horientzako udako arropa eta oinetakoak behar dituzte, eta antolatzaileek herritarren laguntza eskatu dute. Zehazki, 10 eta 12 urte bitarteko haurrentzako galtzak eta honako neurrietako oinetakoak behar dituzte: 31, 33, 34, 35, 36, 37, 38 eta 40. Arropa eta oinetakoak datorren ostiralera arte jasoko dituzte kiroldegiko harreran.


