Noticias

Atrás Eskolako Agenda 2030 programaren baitan Arroabeko eta Aizarnako eskoletan ekoizpen eta kontsumo arduratsua landu dute

9
Aste batez ikasleek eskolan kontsumitzen diren hamaiketako motak eta sortzen den plastiko kopurua neurtu dituzte.

10·06·2026


Eskolako Agenda 2030 programaren barruan, Arroabeko eta Aizarnako eskoletako ikasleek azken bi ikasturteetan 12. Garapen Jasangarriko Helburua landu dute: ekoizpen eta kontsumo arduratsua. Lanketa horren bidez, eguneroko kontsumo ohiturak aztertu dituzte eta ohitura jasangarriagoak sustatzeko ekintzak garatu dituzte.

2024-2025 ikasturtean, ikasleek Arroabeko eta Aizarnako kontsumo ohituren inguruko herri mailako diagnostikoa egin zuten. Azterketa horretan, hainbat arazo identifikatu zituzten, besteak beste, ontziratutako produktuen erabilera handia eta sortzen den hondakin kopurua. Aurkitutako egoerari erantzuteko, aurten ekintza eraldatzaile bat jarri dute martxan: hamaiketakoen behaketa.

Egindako lana eta ateratako ondorioak azaltzeko, Arroabeko eta Aizarnako ikasleek Eskolako Agenda 2030 programaren ikasturte amaierako foroa ospatu dute, Zestoako Udalarekin batera. Bertan, azken hilabeteetan egindako lanketa eta herria jasangarriago egiteko proposamenak aurkeztu dituzte.

Hamaiketakoen behaketan, aste batez ikasleek eskolan kontsumitzen diren hamaiketako motak eta sortzen den plastiko kopurua neurtu dituzte. Bildutako datuek erakutsi dute ontziratutako produktuek plastiko eta bilgarri ugari sortzen dituztela; aldiz, frutek eta etxetik prestatutako hamaiketakoek, ontzi berrerabilgarrietan ekarritakoek, hondakin gutxiago sortzen dituzte. Lanketatik ateratako ondorioak herritarrei zabaltzeko, ikasleek sentsibilizazio kanpaina bat ere abiatu dute. Horretarako, kartelak prestatu eta Zestoako zein auzoetako hainbat gunetan jarri dituzte, herritarrak kontzientziatzeko eta eguneroko aukerek ingurumenean duten eragina azpimarratzeko.

Maiatzaren 20an egindako udal foroan, ikasleek euren lana eta ondorioak aurkeztu zizkioten Zestoako Udalari. Horrez gain, lanketa eta mezua herritar gehiagorengana iristeko udalaren laguntza eskatu zuten, kontsumo ohitura jasangarriagoak herri osora zabaltzeko helburuarekin. Eskolako Agenda 2030 programaren bidez, Arroabeko eta Aizarnako gazteak euren ingurunea hobetzeko eragile aktibo bihurtu dira, etorkizun jasangarriago baten aldeko urratsak emanez.

Ikusi ikasleek egindako kartelak hemen.

1 2 3 4 5 6 7 8 9