Noticias
Atrás Den prest Kobaz Koba Trail lasterketarako
29·01·2026

Gaur aurkeztu dute otsailaren 8an egingo den Kobaz Koba Trail lasterketaren hamargarren edizioa udaletxeko pleno aretoan. Agerraldian, Mikel Arregi Zestoako Alkateak, Juango Aranburu Araziko ordezkariak, Mikel Irure Agiro Mendi Taldeko ordezkariak eta Nerea Irure parte-hartzaile zein boluntarioen ordezkariak hartu dute parte.
Aurtengo edizioan, 495 parte-hartzaile izango dira: 102 zestoarrak. Eskualdeko korrikalariez gain, Euskal Herri osoko korrikalariek ere parte hartuko dutela nabarmedu dute eta baita hainbat korrilari frantsesek ere. Hamargarren edizio honetan, parte hartzaileen kopurua mugatu nahi izan da eta aurreko edizioetan baino 200 korrikalari inguru gutxiago izango dira. Erabaki hori irisgarritasun ikuspegitik hartu dela azpimarratu dute antolatzaileek.
Kobaz Koba Trail lasterketa, Arazik eta Agiro Mendi Taldeak jarri zuten martxan herriko boluntarioen laguntzarekin eta hamar urteko ibilbidearen ostean, Zestoako Udala laguntzailea izatetik antolatzaile izatera pasa da. Hori da edizio berri honen berrikuntza aipagarrietako bat. Aurtengo edizioan ere, 90 herritar boluntario inguru arituko dira lasterketaren egunean lanean.
Bestalde, babeslegotza berria sortu da aurtengo edizioan, Berria komunikabidea hain zuzen. Eta horrekin lotuta, Berria Saria banatuko da estrainekoz. Sari hori, bi lasterketetako 100. sailkatuentzat izango da: 150 euroko otar bana jasoko dute.
Ibilbide luzean aldaketak
Urtero bezala, bi lasterketa izango dira: Artzei (15km) eta Zaldei (30km). Zaldei (30km) ibilbidea aurreko urteetakoa baino luzeagoa izango da: Akua eta Aizarnako bailarak, Santa Engrazia, Ertxina eta berrikuntza izango dena 2026an, Erdoizta eta Altzolarats bailaran Granada Errekaraino luzatuko da
ibilbidea. Endoiarako igoerarik ez da izango 2026an.
Lasterketa luzea 08:30ean hasiko da eta motza, berriz, 10:00etan. Bi lasterketak plazan amaituko dira eta urtero bezala ibilbidean zehar hainbat anoa-gunea jarriko dira. Plazan ere lasteketa amaitzen denerako anoa-gunea izango da.
Lasteketaren zati handi bat herri lurretan egiten bada ere, eremu pribatuetatik ere pasatzen da eta ondorioz, antolatzaileek lurjabeei eskerrak eman dizkiete lasteketa bertatik pasatzen uzteagatik.
Dortsal banaketa
Otsailaren 3tik 7ra Zestoako Turismo Bulegoan (10:00etatik 13:30era eta 14:30etik 17:00etara. ) jaso ahal izango dira dortsalak eta egunean bertan ere lasterketa hasi aurretik jasotzeko aukera izango da kiroldegian.
Bestalde, konsignak eta dutxak kiroldegian bertan egongo dira parte-hartzaileek erabili ahal izateko. Horrekin lotuta, antolatzaileek errespetuz jokatzeko eskatu dute eta oinetakoak garbitzeko kiroldegi kanpoan jarriko dituzten mangerak erabiltzeko deia egin dute.
Urtero moduan, hamaiketakoa ere izango dela azpimarratu dute, hau ere kiroldegi inguruan izango da.


