Noticias
Atrás Datozen asteotan agroekologiaren inguruko zikloa izango da Zestoan
04·12·2023
Zestotik Mahaira izeneko zikloa antolatu du Zestoako Udalak eta abenduan eta urtarrilean zehar ekintza ugari izango dira agroekologiaren inguruan herrian. Antolatutako ekimen guztiek agroekologia izango dute ardatz, eta elikadura sistema modu jasagarriago eta osasuntsuago baterantz begirada jartzen hasteko helburua du ziklo honek.
Datorren astean izango den lehenengo hitzorduan Zure platerean hasten da mundua dokumentala ikusteko aukera izango da, kontsumo ohitura arduratsuen inguruan hausnartzeko eta Euskal Herriko zenbait adibide ezagutzeko asmoz. Dokumentalaren ostean, Zestoa inguruko ekoizleekin solasaldia izango da.
Zikloan zehar praktikarako aukera ere izango da, izan ere Koxinatu sukaldaritza tailerra antolatu da herrigunean eta baita Aizarnako Herri Etxean ere. Maitane Cabezak eskainiko duen tailerra datorren astean hasiko da eta parte hartu nahi dutenek dagoeneko izena emateko aukera dute. Horretarako azken eguna abenduaren 11a izango da, plaza mugatuak baitira. Izen-ematea, Udaletxeko Ingurumen Sailean egin beharko da (943147010 zenbakiko 5 luzapena edo ingurugiro@zestoa.eus). Zestoako ikastaroa abenduaren 14an, 19an eta 21ean izango da Alonderon, eta Aizarnan, berriz, urtarrilaren 16an, 18an eta 23an izango da Herri Etxean. Gainerako ekimenetan ez da izenik eman beharko.
Bestalde, urtarrilean sukaldaritza ikastaroaz gain beste bi hitzordu izango dira. Lehenengoa Hitzez elkartearen bidez antolatutako emakume baserritarren mahai-ingurua izango da, urtarrilaren 10ean Arroiagoiko Herri Etxean. Agroekologia zikloarekin amaitzeko, berriz, Biolur elkarteak sustatutako Amillubi lurra taupaka proiektuaren aurkezpena izango da Alondero aretoan. Iraetako meandroan dagoen Amilibia baserria eta bere lurrak hartzen ditu baitan proiektu honek, eta hainbat eragilerekin batera besteak beste tokian tokiko nekazaritza ekologikoa bultzatzea eta eskualdeko elikadura sistema indartzea ditu helburu nagusitzat.