Noticias

Atrás Beatriz Zubia Aranbarri: “Zinegotzi izateari utziko diot, baina ez herritar izateari; beste plano batean jarraituko dut lanean, badago eta zer egina”

Beatriz Zubia Aranbarri EH Bilduko zinegotzia kargua utzi berritan azken urte hauetan udalean egin duen bere jardunaren inguruan aritu da. Zubiak udaleko ibilbidea 2011-2015 legegintzaldian hasi zuen, etenaldi baten ostean aurreko legegintzaldi (2019-2023) osoan aritu zen zinegotzi lanetan eta oraingoan urte beteko konpromisoa hartuta sartu zen. Gizarte Harremanak, Zaintza eta Berdintasuna batzordean aritu da buru-belarri Zubia eta uste baino azkarrago pasa da urtea eta baita agur esateko eguna ere.

03·07·2024


Nola oroitzen duzu udaleko jardunaren hasiera hura?

 

Hasiera gogor samarra izan zen, herrian gai delikatuak bizitzea tokatu zitzaigun (harrobiaren gaia eta TS lantegiko gatazkak). Ezin zen edozein tokitan hitz egin gai hauen inguruan, jende asko ukitzen zuten gaiak ziren eta tentsioa bizi zen herrian. Bi zinegotzik kargua uztearen ondorioz sartu nintzen ni eta hasieran Ingurumeneko gaiekin lan egitea tokatu zitzaidan. Hasieran nahiko galduta sentitzen nintzen baina taldea bat eginda aritu ginen gai hauekin eta eskerrak. Legegintzaldi hura amaitu zenean deskantsua hartu nuen eta zerrendan joan nintzen arren zinegotzi kargua ez nuen izan.

 

2019-2023 legegintzaldian bai izan zinen zinegotzi. Orduan zer moduzko esperientzia bizi izan zenuen?

 

Bi urterako konpromisoa hartu nuen, baina azkenean legegintzaldi osoa eman nuen. Herrian beste giro bat zegoen, eta sentitzen nuen zor moduko bat, eta gainera aurreko legegintzaldian izan nituen taldekideak ere baziren eta, animatu nintzen.

 

Bolara oso zaila bizi izan genuen, Covid 19-aren pandemia tokatu zitzaigun eta oso une zailak izan ziren. Inork ez genekien ezer, ez zen herriari bakarrik eragiten zion gaia, mundu mailako gaia zen... eta ardura handia genuen. Erabaki potoloak hartu behar izan genituen. Zestoa izan zen gainerako herrientzat eredu modukoa, lehenengoak izan ginen tabernak ixtea erabaki genuenak... Hartu behar ziren erabakiak pertsonei zuzenean eragiten zieten erabakiak ziren, baina Mikel Arregi alkateak izan zuen jarrera txalotzekoa izan zen, beti norabide argiarekin. Gidaritza ematen oso ondo jakin izan zuen. Horrelako egoeretan ikusten da pertsonak nolakoak garen. Alkate bezala 10 ez, gehiago izan zen momentu haietan, bere aurretik beti herria jarri zuen.

 

Udaleko langileekin bizi izan genuen liskarra ere gogorra izan zen. Baina aurrera atera ginen eta hortik ere ikasi genuen.

 

Zure burua inoiz imajinatu al zenuen udalean lanean?

 

Egia esan ni ez naiz inoiz egon politika munduan murgildua. Baina hau apur bat etorri egin zait, gure herria maite dut eta herritar bezala nire ekarpena egiteko aukera eman dit honek. Ez naiz ni honen bila joan baina bizitzan etortzen diren aukeretako bat gehiago izan da, eta oso aberasgarria izan da. Momentu zailak ere asko noski; buruhauste asko, oso zaila baita udala, familia, lagunak... bereiztea. Horrelako herri txiki batean denok ditugu loturak. Baina aldi berean, poztasun oso handiak ere eman dizkit. Zu parte izan zarela jakiteak, eta lortu diren edo egin diren gauza asko ikusteak, harrotasuna eta poz handia ematen dit. Nik nire ekarpena egiteko aukera izan dudala ikusteak, poz handia ematen dit.

 

Gizarte Zerbitzuak izan dira zure saila azken urte hauetan. Baina beti izan duzu jendea laguntzeko sentsibilitatea ezta?

 

Bai Caritasen, herriko arropa biltegian... aritu izan naiz. Etxean ere beti ikusi dut behar denari lagundu behar zaiola. Kanpoko haurrak beti izan ditugu etxean, bai Sahararrak baita beste herrialdeetakoak ere. Beti bizi izan dut, barruan daramat, behar duenari laguntzea. Niri ere gustatuko litzaidake behar izanez gero norbaitek eskua luzatzea. Nik uste dut azkenean guztion lana dela.

 

Zu hasi zinen urte hartatik aldaketa asko izango ziren udalean ezta?

 

Gu sartu ginenetik Gizarte Zerbitzuen departamentua asko aldatu da. Saila egonkortzea eta osatzea lortu da, gaur egun administraria dago, bi gizarte langile ditugu Zestoan, hezitzaile bat eta Izarraitz proiektuarekin lanean ari den teknikaria. Behar handia dago, eta pertsonen beharrei erantzuteko beharrezkoak dira pertsonak. Bost urtean departamentua osatzea lortu da, eta Zestoa bezalako herri batentzat departamentu polita osatu da, alde horretatik oso pozik nago.

 

Zestoako Udalak zer eman dizu urte hauetan?

 

Jendea asko ezagutu dut, horrelako egoeretan jendea benetan nolakoa den ikusten duzu. Eta benetako lagunak egin ditut. Espero dut alderantziz ere horrela izatea, beraiek ere horrela sentitu izana. Betirako eta benetako lagunak egin ditut.

 

Poztasun handia ematen dit, nire txikitasunean besteei emateko aukera izateak eta hori Udalak eman dit. Jende batek hori bihotz-bihotzez eskertu dit. Hori jakiteak asko asebetetzen nau.

 

Grazia egiten didan beste gauza bat ere eman dit Udalak, boladatan apaizek baino jende gehiago ezkondu dudala. Hasieran ezin nuen sinistu nik jendea ezkontzeko ahalmena nuela zinegotzia izateagatik eta egia esan hori ere oso polita izan da. Bikote mordo bat ezkondu dut urte hauetan. Ezkontzek poz handia eman didate.

 

Iritsi da agur esateko ordua. Nola sentitzen zara?

Hasieratik izan zen nire konpromisoa urte baterako. Egia esan ez dakit norbaitek sinesten zuen urte bete bakarrik egingo nuela, baina orain dudan egoeragatik horrela izatea nahi nuen. Pena ematen zidan eta indarrarekin ere sentitzen nintzen aurrera egiteko, baina nire buruari gogor egin eta esandakoa bete dut. Taldeari faena egiten niola ere sentitzen nuen baina tira, badakit nire ordez sartuko denak ere lana ondo egingo duela.

 

Oso pozik nago, azkenengo plenoan, maitasun pila bat jaso nuen guztien aldetik, ez nire taldekideen aldetik bakarrik, oposizioko kideen aldetik ere, eta baita teknigariengandik ere. Oso hitz politak entzun nituen bi aldeetatik. San Juan Egoitzatik ere bai. Alde horretatik oso pozik nago, arrasto apur bat utzi dudala dirudi. Korapilo galanta nuen baina jaso dudan maitasun guztiarekin, ate handitik noala esan dezaket.

 

Nire agurrean esan nuen bezala zinegotzi izateari utziko diot, baina ez herritar izateari eta beste plano batean jarraituko dut lanean, badago eta zer egina.

 

EH Bilduren taldea, oso talde potentea da, oso jende kualifikatua eta balio handikoa dago. Abiadura handiko tren bat bezala diseinatua dago eta autobide batean bezala doaz ziztu bizian; ni gertutasuneko tren batean joango naiz orain, beste erritmo batean baina konexioekin jarraituko dugu. Orain beste aldean egon behar dudala sentitzen dut.