Noticias

Atrás Azpeitia, Errezil eta Zestoako udalen alegazio bateratuetan jaso da PIASPEren bideragarritasun teknikoa ez dagoela bermatuta

PIASPE proiektuaren aurretiazko administrazio baimenaren tramitazioan, ingurumen inpaktuaren adierazpena eta hirigintza bateragarritasuna aztertu, eta modu bateratuan alegatu dute hiru udalek.

22·05·2024


Hirigintza ikuspegia aintzat hartuta, PIASPEk udalez gaindiko eragina du, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurrei eragiten dien neurrian. Gaur egun indarrean dagoen Energia Eolikoaren LPS Lurralde Plan Sektorialak jasotzen du halako azpiegiturak “udal plangintzak eragozten ez duen eremuetan” soilik ezar daitezkeela.

Zestoan indarrean dauden Arau Subsidiarioen arabera, parke eolikorako bidea eta parkea bera babestutako eremuan leudeke: Gailurrak Babesteko Eremu Berezia, Landa Inguruneko Babes Bereziko Eremua, Azaleko Urak Babesteko Lurzoru Urbanizaezina, eta Landa Lurzoru Erkidea. Ondorioz, aerosorgailuen erabilera bateraezina da Zestoan indarrean dagoen planeamenduarekin.

Azpeitiko Udaleko hirigintza bateragarritasunari buruzko txosten teknikoaren arabera, parke eolikoaren erabilera bateragarria da herriko plan orokorrarekin, baina ez da bateragarria korridore ekologiko eta paisaia intereseko baldintzatzaile gainjarriekin. Beraz, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaz ebazterako orduan, Eusko Jaurlaritzak izango du azken hitza. Errezili dagokionez, azkenik, antolamendu planean aldaketa puntuala egin beharko litzateke, proiektua bideragarria izan dadin.

Hirigintza ikuspegiaz gain, alegazioetan jaso da azterketa gehiago egin beharko liratekeela proiektuak ingurumen, biodibertsitate zein fauna ikuspegitik izan dezakeen eraginaren inguruan. Besteak beste, PIASPE ezarri asmo den eremua, Natura 2000 sarean kontserbazio bereziko izendatuta dauden guneen artean kokatzen delako: Pagoetako Parke Naturala, Izarraitz eta Hernio- Gazume.

Osagai horiek guztiak esku artean, Errezilgo, Zestoako eta Azpeitiako Udal gobernuek aurkeztutako helegite bateratuetan ondorioztatu da ez direla betetzen proiektua bideragarri izateko beharrezko baldintza guztiak. Hala ere, hiru udalek berretsi dute trantsizio ekosozialerako ezinbestekoak diren energia berriztagarrien aldeko konpromisoa, eta Eusko Jaurlaritzari prozesu hori publikoki gidatzeko eskatu diote.

Izan ere, eskala horretako berriztagarrien proiektuak ordenatu ahal izateko, ezinbestekoa da berriztagarrien LPSa onartzea. Eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean adostutakoaren bidetik, deskarbonizazio prozesurako eta klima aldaketaren aurkako bestelako neurriak ere diseinatzea. Eskala horretako trantsizioak eztabaida publikoa irekitzea eta kontsentsu zabalak lortzea eskatzen du, eta hori, ezinbestean, gidaritza publikoaren bidez egin behar da.