Noticias

Atrás Aurrekontu parte-hartzaileak egingo ditu udalak

Zestoako udalak inbertsiotarako kapituluko 50.000 euro bideratuko ditu herritarrek erabakitako proiektuetarako. Horretarako parte hartze prozesu bat egingo da, bi saiotan. Lehen saioa bihar egingo da, azaroaren 20an.

19·11·2019


Aurreko astean egin zuten agerraldia Zestoako udaleko ordezkariek, 2020ko aurrekontuetara begira burutuko den parte hartze prozesua aurkezteko. Hainbat aldaketekin datoz 2020ko aurrekontuak. Alde batetik, udal gobernuak abenduan onartu nahi ditu datorren urteko aurrekontuak. Azken hamarkadetan aurrekontuak apirila inguruan onartu izan dira eta aurten, lehen aldiz, urte amaieran onartzea da asmoa, 2020ari aurrekontu berriarekin ekiteko. Bestalde, Zestoako udalak 50.000 euroko diru partida gordeko du 2020ko aurrekontuetan, herritarrek erabaki dezaten, prozesu parte-hartzailearen bidez, diru hori zertan inbertitu. Prozesuak bi saio izango ditu, bata azaroaren 20an eta bestea abenduaren 18an.

Lehen saioan udal aurrekontuen inguruko azalpentxo bat emango da, herritarrek ikus dezaten nola antolatzen den udal aurrekontua. Ondoren, joko-arauak azalduko dira eta, azkenik, proposamenak jaso. Aurkezpenean azpimarratu zuten garrantzitsua dela lehen saio honetara joatea, egun horretan soilik jasoko baitira proposamenak. Herritar bakoitzak nahi adina proposamen egin ahal izango dituela gaineratu zuten. Bestalde, inbertsioei dagozkien proposamenak soilik bideratuko dira diru-partida horretatik eta udal eskumenekoak izan beharko dute.

Bigarren saiorako jasotako proposamenak aztertuko dira eta bideragarriak direnak jarriko dira mahai gainean, saio horretara bertaratzen direnek proposamenen artean aukera dezaten.

 

Parte hartzearen aldeko apustua

Ekimen honekin eredu baten aldeko apustua egin nahi du udal gobernuak. Horrelako prozesuek zenbait arrisku izan ditzaketela jakitun direla azaldu dute hautetsiek, baina eredu honetan sinesten dutela eta legegintzaldian zehar parte hartzean sakontzeko asmoa dutela azpimarratu dute.