Agenda

Arkeologia astea

15 NOV
agenda

Azaroak 15, asteartea, 19:00. Alonderoko udal aretoa.


Hitzaldia: Amalda III, Altzolarats (Zestoa): Zestoako Neanderthalak ezagutzen. Hizlaria: Joseba Rios Garaizar.

Joseba Riosek, Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionaleko arkeologoak, indusketa kanpaina oso emankorra zuzendu du Amaldako haitzuloan. Gipuzkoan oso gutxi dira neandertalen presentzia frogatua izan den aztarnategiak, eta hau da horietako bat. Bertan, Erdi Paleolitoan ondo kontserbatutako okupazio-maila dagoela egiaztatzen duten faunaren laginak eta harrizko industriaren aztarnak berreskuratu dira.

Amaldako aztarnategiko gai interesgarri eta eztabaidatuena zera da: bertan aurkitutako fauna-aztarnen jatorria. Neandertalek ehizatutako produktua da, ia esklusiboki? Edo aztarnategia beste animalia haragijaleen zulo bat zen, gizakiek noizbehinka erabiltzen zutena? Ea zer dioen Riosek hitzaldian.
 


Azaroak 17, osteguna, 19:00. Alonderoko udal aretoa.

Hitzaldia: Errinozeroak, hienak, elur-oreinak eta hartzak Urolako Bailaran? Zestoako Baio eta Amabiturrietako aztarnategiak. Hizlaria: Asier Gómez Olivencia.

Baioko aztarnategiak (Zestoa) zeresan ugari emango du etorkizunean, hitzaldiaren tituluan suma daitekeen bezala. Asier Gomez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea da proiektuaren zuzendaria, eta zientzialari talde bikain bat bildu du Baioko eta Amabiturrietako (Zestoa) aztarnategiak ikertzeko. Antxieta Arkeologia taldekoek, 1990ean eta 1998-1999 bitartean, zundaketa bat egin zuten Baion, eta orain ikerketa sakonagoa egitea da helburua. Momentuz dakiguna da Gipuzkoako faunarik zaharrena dagoela koba honetan, baina zalantzarik gabe, beste ezusteko pozgarriren bat emango du aztarnategiak, eta Asier Gomezek hitzaldian ere bai seguruenik.

 



Azaroak 20, igandea, 11:00 – 15:00. Udaletxeko arkupetan.

Historiaurrea Zestoan eta inguruko bailaratan. Erakustaldia herri azoka formatuan. Antolatzailea: Antxieta Arkeologi Taldea.

Antxieta Arkeologi Taldea aski ezaguna da gure artean, Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek 1965ean sortu zutenetik, besteak beste, Ekaingo haitzuloa eta bertako margoak aurkitu zituztelako. Beren lana historiaurreko arrastoen aurkikuntzara bideratzen da, bai haitzuloetan, baita aire librean ere. Gure inguruetako haran eta mendietan miaketak eta zundaketak egitea, laginak eta materialak analizatzea eta azterketa orokor bat egitea da, asko laburtuz, beren lana. Lan hori arkeologo adituen zuzendaritzapean eta elkarlanean egiten dute.

Gure inguruan aurkitutako aztarnategi ia gehienak beren etengabeko lanari esker izan dira, eta emaitza, erakusketan ikusiko den bezala, ikaragarrizkoa da. Askotan ez dute esker handirik jasotzen gizartearen partetik baina gure historiaurrearen ikerketa eta babesari sekulako ekarpena egin diote mende erdi honetan zehar.