Agenda
Atrás Alkatetza oharra
Ohar honen helburua azken egunotan herrian covid 19ak izan duen eraginaren berri ematea da. Izan ere, aurreko astean Gipuzkoako intzidentzia tasarik txikienetan bageunden ere, 5 egunetan 13 positibo izan ditugunez, aipatu tasa 49tik 333ra igo da eta birsorkuntzarena berriz 2,17an kokatu da.
Oraindik ez gara 500eko tasara heldu baina datozen 8 egunetan 6 positibo baino gehiago izango balira eremu gorrian sartuko ginateke eta 5000 biztanle baino gutxiago dituen herria izanagatik, gure osasun eremuko bilakaera ikusirik, beste herri batzuekin gertatu den bezala Zestoa ere itxi egingo litzateke bertako ostalaritza jarduerarekin batera.
Herrigune nagusiko eskola txikia itxita dago baina zorionez haur eta ingurukoei egindako frogen emaitza gehienak negatiboak izan dira eta itxura guztien arabera bertako agerraldia kontrolatuta dagoenez, gauzak ondo, datorren astelehenean eskola normaltasunera itzuliko litzateke. Azpimarragarria da hezkuntza eremuan egiten ari diren lana, hasieran bestelakorik espero bazen ere covid 19ak gutxien erasan duen eremua izaten ari baita.
Amaitzeko, espero dezagun datozen egunetan igoera egonkortu eta neurri murriztaileagorik hartu beharrik ez izatea. Bizi dugun osasun egoera honi herri bezala guztiok batera aurre egiteko gai bagara, kalteak txikiagoak izango dira eta gure ongizateak ere berme handiagoa izango du. Zestoan, 2020ko urtarrilaren 19an Mikel Arregi Urrutia Zestoako alkatea.