Noticias

Atrás Adin txikikoen esku hartze zerbitzua hobetzeko hitzarmena sinatu dute Zestoa, Getaria eta Aizarnazabalgo udalek

Zestoa, Getaria eta Aizarnazabalgo udalak elkarlanean, zerbitzu honen garapena bideratzeko lanketa bateratu bat egitearen aukera ikusi da, hiru udalerrrietako errealitate sozial eta arazo sozialen antzekotasuna kontutan hartuaz.

22·03·2023


Alkatearen arabera, hiru udalak pertsonak erdigunean hartutako estrategiak sustatzearen aldekoak dira. Bide horretan elkar hartzea erabaki dute, adin txikikoen esku hartze zerbitzua bateratuta: “Orain arte herri bakoitza bere aldetik genbiltzan eta horrek kudeaketan gabezi eta hutsune batzuk sortzen zizkigun. Hiru herriok txikiak izanagatik, argi dago, elkartuta beste aukera batzuk ditugula eta zerbitzua hobetzeaz gain eragile gehiagok jasotzeko aukera izango dutela”.

Bi helburu nagusi bereizten dira. Batetik, bazterkerian aurkitzen diren pertsonak, autonomiaz moldatzea, gizarteratzea eta familia eta komunitate inguruneko bizikidetza egokia bultzatuko duten gaitasun pertsonalak, familiarrak edo taldekoak eskuratzea eta garatzea da. Eta bestetik, ohitura, portaera pertzeptzio, sentimendu eta jarrera desegokiak egokiagoak direnagatik ordezkatzea.

Prestazio eta zerbitzuak berriz hauek izango dira:

  • Informazioa eta orientazioa
  • Gizarte eta hezkuntza arloko eta arlo psikosozialeko esku hartzea
  • Jarraipen balioespena
  • Bitartekaritza
  • Lagun egite soziala

Udalerri txikietan zerbitzu honen garapenak zailtasunak izan ohi ditu eta tradizionalki, kasuan kasuko banakako kontratazioak egin izan ohi dira, horrek suposatzen duen muga eta arazoekin. Ondorioz, gabezi honi erantzuna eman nahian, herri txikietako esperientziak partekatu eta sinergiak sortzeko aukera ahalbidetu da. 

Getariarekin harremana
Alkatearen esanetan, Aizarnazabal eta Zestoa mugakideak izanik aspaldiko harremana dute, baina Getariarekin hitzarmena egitea baikorki baloratu du.

Egitasmoa hauteskunde ondoren jarriko da martxan

Hasera batean bi urteko iraupena izango du eta tarte horretan hiru udalen arteko jarraipen batzordea eratuko da, egitasmoa koordinatu eta bestelako proiektuak ere gauzatu ahal izateko. Kudeaketari dagokionez, Zestoako Udalak hartuko du ardura.