Noticias
Atrás 2026ko udal aurrekontuen bigarren aldaketa aho batez onartu da
31·07·2026

Uztaileko ohiko udalbatzarrean, Marga Eizagirre EH Bilduko zinegotziaren kargua hartzea izan da. Aurrerantzean Kultura, Euskara, Kirola, Kulturartekotasuna eta Jaiak batzordeko kidea izango da zinegotzi berria eta Mikel Arregi alkateak jarraituko du batzordeburu izaten. Eizagirre aurreko legegintzaldian ere zinegotzi izan zen.
Bestalde, batzarrean aho batez onartu da udal aurrekontuen bigarren aldaketa. Aldaketa hau egitearen beharra, diru laguntza baten inguruko partida batek sortu du, hain zuzen, zaintzarekin lotutako Gipuzkoako Foru Aldundiaren 68.000 euroko diru laguntza. Aurrekontu aldaketa hau aurreikusita ez bazegoen ere, diru laguntza hau aurrekontuetan sartzearekin batera, beste aldaketatxo batzuk egiteko baliatuko da eta gerakina ez da ukituko.
Aurrekontuetan egin diren aldaketa nagusiak honakoak dira:
- Kultur Etxean egiten ari diren berrikuntza lanak; eskola txikiko jangela berriko lanak. Eraikin horretako lanak Udalak finantzatuko ditu eta ondoren, hornikuntza lanak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren esku geratuko dira. 27.000 euroko igoera bat egin da atal honetan.
- Liztor Asiatikoen interbentzioak. Interbentzio hauek Urkometik finantziatzen dira, baina gaur egun interbentzioek gora dutenez, Urkomek finantzatzen dituen interbentzio kopuruarekin ez da nahikoa. Ondorioz, egin beharreko gainerako interbentzioak Udalak finantzatzen ditu. Atal honetan, 5.000 euroko gehikuntza bat egin da.
- Elikadura Bankuarekin Zestoako Udalak hitzarmen bat dauka, eta azken urteotan erabiltzaileen gorakada bat egon denez, 2.500 euroko gehikuntza bat egin behar izan da.
Guztira, 115.532 euroko aldaketa da, eta gerakinik ez da ukitu.
Sarrerarik handiena, Gipuzkoako Foru Aldundiak eman duen diru laguntza da, 68.532 euro. Hiri ondasunen gaineko zergatik ere espero baino diru sarrera handiagoa izan du Udalak, 12.000 euro. Eta aipagarria da baita ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak bideen konponketarako emandako 35.000 euroko diru laguntza.
Aurreikusitakoaren arabera, udazkenean egingo da hirugarren eta azken aurrekontu aldaketa.
Bestelako gaiak
Zestoako hiri-trafikoa eta autokarabanentzako zerbitzuak arautzeko ordenantza ere izan da hizpide udalbatzarrean. Alegazio bat aurkeztu diote ordenantzari; Espainiako Estatuko aisi ibilgailuen elkarteak aurkezturikoa. Alegazioan eskatu dutena da motor gabekoak ere, alegia karabanak, baimentzea erabiltzaile bezala, beti ere ur zikinen sistemak indarrean izanda. Ontzat eman dute eskatutakoa eta aho batez onartu dute ordenantzaren behin betiko onarpena. Ondorioz, 2027ko ordenantza fiskaletan arautuko dute eta 2028an hasiko dira tasa jartzen.
Bestalde, Ehnergia energia komunitateen sareko bazkidetzaz ere aritu dira udalbatzarrean. Zestoan Argiola energia komunitatea sortu zuten, udalak sustatuta, eta Euskal Herrian antzeko komunitate gehiago badaude. Horren aurrean, Euskal Herriko energia komunitateen sare bat sortu da, eta udala bertako bazkide egitea onartu da, aho batez.
* Argazkia: Danbolin


