Noticias
Atrás 2026ko Kobaz Koba Trail lasterketa otsailaren 8an izango da
12·11·2025

Kobaz Koba Trail berezia izango da, 10. edizioa beteko du 2026ko lasterketak. Hobekuntza sorta prestatu du antolaketak 10. edizioa berezia izan dadin. Zestoako Udala antolaketaren parte izatera dator, Agiro Mendi Kluba eta Arazi enpresaren antolaketa taldearekin bat eginez. Antolaketa taldeak Kobaz Koba Trailak Zestoan dituen erroak indartu eta herritartzeko asmo sendoa du, Zestoan tradizio bihurtzen ari den otsailaren 8ko kirolaren festa hau urtez urte errepikatu dadin.
Berrikuntzei dagokienez, aurreko urteetan ez bezala, zestoarrei dortsal banaketan lehentasuna eskainiko zaie. Zestoarrentzako irekiko da izen-emate epea lehenik, ez dadin zestoarrik dortsalik gabe gelditu. Kobaz Koba Trailean dortsala izan nahi duten zestoarrek, dortsal erreserba burutu beharko dute Zestoako Kiroldegian, azaroaren 14tik 21era bitartean. Erreserba burutzeko errolda agiriaz ziurtatu beharko da, ez dadin gaizki ulerturik egon. Antolaketatik dei berezia egiten zaie Kobaz Koba Trailean parte hartzeko nahia duten zestoarrei, erreserba burutu dezaten aipaturiko epean eta lekuan, epe hortatik kanpora dortsalik gabe geratu ez daitezen.
Bigarren berrikuntza, zestoarrak ez diren korrikalarien izen-ematearen antolaketan dator. Izen-emate guztiak osatzen badira, zozketa bidez izendatuko dira dortsala izango duten korrikalariak. Gogoan izan, aurreko urteetan, izen-emate epea zabaldu eta 2 minutu baino lehen agortu izan direla dortsal guztiak. Antolaketak ez du alferrikako urduritasunik sortu nahi korrikalarien artean, eta izendatutako epean dortsal eskaintza gaindituko balitz, zozketa bidez izendatuko ditu dortsalak. Azaroaren 24ean zabalduko da edonongo korrikalariei bideratutako izen-emate epea; eta azaroak 30 bitartean, www.kobazkobatrail.com webgunean burutu beharko da izen-ematea. Zozketa, beharrezko balitz eta okerrik ez bada, abenduak 2an egitea aurrikusten da.
Ibilbideei dagokionean ere badira hobekuntzak: Artzei bidean (15K) aurreko edizioetako ibilbide berdina mantenduko da, baina aldaketak Zaldei bidean izango dira. Aurtengo edizioan Zaldei bideak 30 kilometroko ibilbidea izango du. Ibilbideari dagokionez, Akua bailara, Aizarnako bailara, Santa Engrazia eta Ertxinatik pasako dira korrikalariak, baina edizio honetan, Erdoizta eta Altzolarats bailaran Granada errekaraino luzatuko da ibilbidea, ikusgarritasuna eta mendi bidea indartzeko asmoz. Azken edizioetan burutu den Endoiarako igoera aurtengo edizioan ez da burutuko.
Dortsal kopurua murriztu
Hobekuntzekin jarraituz, dortsal kopurua murriztea erabaki da, ibilbidea zaintzeko eta korrikalari guztiek eskaintzen diren zerbitzu guztietaz goza dezaten korrikalari pilaketarik gabe. Guztira 450 dortsal egongo dira eskuragarri, 225 ibilbide bakoitzean. Ibilbide motzeko dortsala 24 euro izan da eta luzekoa berriz, 35 eurokoa.
Urteroko moduan zerbitzurik ez zaie faltako korrikalariei. Kronometraia zerbitzua txip bidezko denbora neurketarekin egingo da, arropa zaindegi eta dutxa zerbitzua egongo dira kiroldegian, Koba Txikiko pasabidetik igarotzean korrikalari guztiei argazkia ateratzeko zerbitzua, eta amaieran, bertako kalitatezko produktuekin (Baserria KM0/Eusko Label eta Basatxerri) egindako Kobaz Koba Trailen hamaiketako ospetsua, behar bezala indarrak berreskuratzeko. Ez dira faltako Zestoan biltzen garen zale guztien animoak eta babesa, ezta KOBAZ KOBA TRAIL 2026 kamiseta, parte-hartzaile bakoitzarentzat. Kobaz Koba Trail lasterketan ez dago federatuta egon beharrik izena emateko.
Antolaketa taldeak (Zestoako Udalak, Agiro Mendi Klubak eta Arazik), hurrengo hilabeteetan lan ugari egingo duten bolondres, herritar eta lasterketa posible egiten duten terrenozale guztiei eskerrak eman nahi dizkie.
Jarrai itzazu azken orduko berriak www.kobazkobatrail.com webgunean eta sare sozialetan



