Noticias

Atrás 2025ean hondakinen tasak %40ko igoera izango du

Ez-ohiko udalbatzarrean 2025ko ordenantza fiskalak onartu dituzte.

17·10·2024


Herenegun, urriak 15 asteartea, ez-ohiko udalbatzarra izan zen eta 2025eko ordenantza fiskalak gehiengo osoz onartu ziren EAJren aurkako botoekin. Ordenantzen multzo orokorra bere horretan mantentzea erabaki da, %3ko egoera orokorra aplikatuta.

Aldaketa nagusia, hondakinen tasak izango du, %40ko igoera izango baitu. Igoera honekin, zerbitzu honen kostua %100ean estaliko da. Erabaki hau hartzeko arrazoia, Europatik datorren zuzentarau bat da, izan ere honek dioenaren arabera, 2025ko apirilaren 10etik aurrera, hondakinen bilketa, banaketa eta tratamenduen kostuak %100ean zerga bidez finantzatu beharko dira.

Zestoan, Gipuzkoako beste herri gehienetan bezala, igoera kostu orokorrari aplikatuko zaio. Kudeaketa mankomunitatearen esku egonik, bilketaz gain banaketa eta tratamendu kostuak kalkulatzerakoan era bideragarriena hori delako.

Nolanahi ere, aurrerantzean hondakinen kudeaketa zerga bidez ordainduko bada ere, Zestoako Udala bilketa sisteman aldaketak ezartzea aztertzen ari da, etorkizunean zergak beheratu ahal izateko errefusa kopurua murriztea ezinbestekoa izango delako.

Igoerak igoera, ordaindu beharreko tasa ezberdinen kopurua, tamaina bereko herri eta Gipuzkoako bataz bestekoa baino beherago gelditu dela azpimarratu du alkateak.