Noticias

Atrás Mikel Arregi Zestoako alkatea Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde antolaketako diputatuarekin bildu da udalerriko mugikortasunari buruzko gaiak aztertzeko

Auzobus zerbitzua Mugi sisteman barneratzea eta hobetzeko eskaria egin du alkateak.

30·04·2024


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departametuak aldaketak egingo ditu Zestoako Lurraldebus zerbitzuan erabiltzaileen beharretara hobeto egokitzeko. Hala adostu dute Azahara Domínguez diputatuak eta Mikel Arregi alkateak, udalerriak mugikortasunaren arloan dituen beharrak aztertu ondoren. Sintonia onean gauzatu den bileran, alkateak espedizio jakin batzuen ibilbideak aldatzeko hainbat eskaera egin ditu eta diputatuak eskaera horiek aztertzeko konpromisoa hartu du.

Era berean, Azahara Dominguezek bere konpromisoa adierazi du, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin koordinatuta, Zestoako Auzobus zerbitzua Mugin integratzea aztertzeko, erabiltzaileek tarifa-sistema horren onura guztiak izan ditzaten. “Garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko ari gara lanean egunero, eta, horretarako, egokitzapenak egin behar izaten ditugu etengabe, gure eskaintza gipuzkoarren beharretara egokitzeko” adierazi du Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Departamentuan herritarrek egiten dizkien eskaerak aztertzen jarraituko dutela adierazi du, gero eta jende gehiagok erabil dezan garraio publikoa.

Mikel Arregi alkateak adierazi duenez: “Gero eta gehiago dira Elgoibar eta Eibarrera joaten diren zestoar ikasleak; beraz, garrantzitsua litzateke Zestoa eta Deba bailararen arteko eguneroko lotura zabaltzea. Horretarako UK05 Ermua-Eibar lineako eguneko zerbitzu batzuk Azpeitian hasi eta bukatu ordez Zestoan hasi eta bukatzea eskatu du alkateak”. Bestalde, udalak bere kabuz aurreko legealdian indarrean jarritako Auzobus zerbitzua Mugi sisteman barneratzea eta hobetzeko eskaria egin du alkateak. Zestoako auzotarrek garraio publikoa izan dezaten.