Noticias

Atrás Auto elektrikoak kargatzeko puntua apirilaren 17tik aurrera ordainpekoa izango da

Ibilgailu bakoitzak karga puntutik kontsumitzen duen argindarraren arabera ordainduko du.

12·04·2024


Zestoako Udalak 2022ko maiatzean jarri zuen martxan auto elektrikoak kargatzeko puntua Zubimusu kalean. Orain arte autoak kargatzea doakoa izan da, eta apirilaren 17tik aurrera karga puntua ordainpekoa izango da. Hemendik aurrera, beraz, ibilgailu bakoitzak karga puntutik kontsumitzen duen argindarraren arabera ordainduko du, hau da, kontsumitzen duen kilowatt ordu bakoitzeko. Prezioa 0,315 €/kWh + BEZ izango da.

 

Zestoako Udalak jasangarritasunaren arloan duen konpromisoaren baitan jarri zuen karga puntua martxan, mugikortasun elektrikoari bultzada bat eman asmoz. Bide horretan, zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko hasiko da Udala erabiltzaileei kobratzen, zerbitzuak eragiten dituen mantenu eta energia gastuei aurre egiteko hain zuzen ere.

 

Honekin lotuta, mugikortasun pribatutik haratago joanda eta mugikortasun partekatua sustatzeko helburuarekin, Udalak ibilgailu elektriko partekatu bat jarriko du herritarren eskura epe laburrean. Zubimusu kalean egongo da ibilgailu partekatu berria ere, ibilgailu pribatuen karga puntuaren ondoan.