Noticias
Atrás Zestoako Harria goraipamena jaso du Iñaki Azkunek
19·03·2024
Pasa den larunbatean, martxoak 16, Zestoako Udalak Iñaki Azkuneri Zestoako Harria Goraipamena eman zion, udaletxeko areto nagusian egin zen ekitaldi jendetsuan. Ekitaldian besteak beste, Mikel Arregi Zestoako alkateak, Xabier Unanuek, Fernando Txuekak eta Onintza Irureta Azkuneren ilobak hartu zuten parte. Osasun arazoak tarteko Azkune berak ezin izan zuen parte hartu eta bere senitartekoei eman zien alkateak Zestoako Harria oroigarria.
Azkunek, batez ere historia arloan herriari egindako ekarpena aitortzeko modua izan da goraipamen hau, azken adibidea 2020an argitaratu zen Zestoaren historia (2) liburua da. Horrez gain, euskarari ere ekarpen handia egin diola azpimarratu zuen Mikel Arregi Zestoako alkateak. Azkune Elhuyar Fundazioaren sortzaileetako bat ere bada.
Hainbat herritarren eskaria
2023ko abenduaren 28an egin zen udalbatzarrean aho batez erabaki zuten goraipamena Iñaki Azkuneri ematea, hainbat herritarrek egindako proposamenari erantzunez. Lehenengo aldia da goraipamen hau egiten duena Zestoako Udalak.
Duela 44 urte omendu zuen Zestoako Udalak Manuel Olaizola Uztapide, seme kuttun izendapenarekin, eta ordutik ez da beste izendapen edo goraipamenik egin. Orduko araudia erabat zaharkitua zegoen eta 2022an udalak ordenantza berria onartu zuen. Zestoako Udalaren ohore eta goraipamenen araudi berrian dagoen Zestoako Harria Goraipamen aitortza egin zaio Iñaki Azkuneri, urteetan zehar Zestoako historia ikertu eta biltzen egindako lan eskergagatik.
* Argazkiak: Urola Kostako Hitza eta Danbolin