Iragarki-taula

Atzealdea

Kultur Etxearen erabilera okerraren gaineko oharra

Zuzendaria
14 ABE

Azkenaldian, gero eta ohikoagoa bihurtu da Kultur Etxean, arratsalde pasa, egonean, txoko batean eserita egotea gaztetxo eta ez hain gaztetxo jendea. Jarrera horrek sarritan eragozpenak sortzen dizkie Kultur Etxean lana egiten duten hainbat zerbitzu eta elkarteei: zaratak, gauzak bere lekutik mugituta...

Hori dela eta, Kultur Etxeko zuzendaritzak, egoeraz jabetuarazteko eta lehen urrats gisa, kartel batzuk jarri ditu eraikuntzan, Kultur Etxea ez dela "lurrean eserita, egonean, egoteko tokia" ohartaraziz, eta Kultur Etxean kultur lanean ari direla, lasaitasuna eta isiltasuna behar dutela eta elkar errespetatzea eskatuz.

Ez dakigu oraindik zer arrakasta izango duen ekimenak baina, dagoeneko, kartel horietako pare bat puskatu dituzte eta ikusi egin beharko da gainontzekoek zenbat irauten duten.

Kultur Etxeko arduradun Fernando Arzallusek adierazi duenez, bera jabetzen da gaztetxoek, batez ere negu garaian, gure herrian izan dezaketen eskaintza urritasuna baina bere ustez, horrek ez du inola ere justifikatzen Kultur Etxean lanean dabiltzan makina bat elkarteri eragozpenak sortzea.

Azkenik, Arzallusek gurasoei egin nahiko lieke dei bat gai horren inguruan beren seme-alabekin hausnarketa egin dezaten, eta denon artean Kultur Etxeko funtzionamendua eta elkarbizitza hobetu dezagun. Izan ere, horrela, herritar denok aterako gara irabazle.