Berriak
Atzealdea

Eskola Txikien Jaiak badu logoa

2017ko ekainaren 11an Arroabean egingo den Gipuzkoako Eskola Txikien Festa

2016·10·23


Sakulupe Guraso Elkartearen hitzak:

Pasa den udaberrian eman genion hasiera 2017ko ekainaren 11an Arroabean izango den Gipuzkoako Eskola Txikien Festako logoa izango denaren aukeraketa prozesuari.

Zestoako herria murgilduta dagoen Herri Hezitzailearen proiektuaren baitan burutu da aukeraketa prozesu guztia. Hasieratik garbi izan baitugu horrelako prozesu batean ezinbestekoa dela gure haurren eta orokorrean auzotar guztien parte hartzea bermatzea. Azken finean, gure haurrak beste auzotar batzuk gehiago direlako eta elkar partekatzeko asko daukagulako. Zer esanik ez, beraiek protagonista nagusi diren egun baten inguruko kontuetan.

Marrazkiak aurkezteko aukera irekia izan zen eta 43 logo desberdin aurkeztu ziren. Hauek eskolako beiratean itsatsita egon ziren bertaratzen zen orok ikusteko aukera izan zezan. Aukeraketarako epaimahaia auzoko gazte, edadetu, eta eskolako ikasle, irakasle eta gurasoen ordezkarien artean osatu zen. Hauen artean lehenengo bi bozkatuenei egokitzapenak egin ondoren, pasa den irailaren 30ean buruturiko Herri Batzarrean logo ofiziala izendatu zen Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundearen oniritziarekin.

Aukeratutako Logoa eskolako guraso batek egina da. Kolore anitzeko logoa, gu bezalaxe, non gure haurrak diren bertako protagonista nagusiak. Jatorri, kultura eta genero desberdinetako haurrak elkarri bizkarretik helduta zoriontsu jolasean, modu parekide, integratzaile eta kooperatibo batean. Gure herriaren nortasuna eta kultura oinarri, naturarekin harreman zuzenean kulunkatuz egunero. Urteak joan eta urteak etorri, hara eta hona, mugimendu etengabean, BIZIRIK eta era berean euskarri sendo batekin. “Gure umeak ardatz izanda Eskola Txikiak Bizirik da gure oinarria. Eskola Txikiak herri eta auzoetako zutoi nagusi garela adierazi nahi dugu” dio logoaren egileak.

Hasiak dira jada batzorde desberdinak buru-belarri lanean. Besteak beste, aukeraturiko logoa oinarri, kamiseten salmentak prestatzeko lanetan. Hauen asmoa, azarorako kolore desberdinetako kamiseta eta sudaderak salmentan ateratzea delarik. Salmentak, Gipuzkoako beste 25 Eskola Txikietara bideratzeaz gain, Arroan bertan eta bailarako herri eta auzo desberdinetako egun seinalatuetan egingo dira.

Eman diezaiegun bada Eskola Txikiei behar duten bultzada!

ESKOLA TXIKIAK BIZIRIK!

HERRI TXIKI ETA AUZOAK BIZIRIK!