Berriak

Atzealdea

Ekainberri museoak hamar urte bete ditu, 300.000 bisitarien langa gaindituta

Balorazioa

2018·09·12


Duela hamar urte zabaldu zuten Ekaingo kobazuloari erreplika egiten dion Zestoako Ekainberri museoa, ondarea zaintzeko eta babesteko helburuarekin. Ordutik, margoen erakusketak ez ezik, hamaika jarduerek osatu dute Ekainberriren programa, eta museoa kudeatzen duen Ekainberri Fundazioak jakinarazi duenez, 2008an Ekainberrik ateak zabaldu zituenetik 302.542 lagunek ezagutu dute museoa. Museoaren hamarkadaren datuak emateaz gain, aurtengo udako balorazioa ere egin du museoak. Jakinarazi du uztailean eta abuztuan 5.868 lagunek bisitatu dutela Ekainberri, eta Lili jauregian eskaintzen duten Lilitarren ohorea antzezlanera, berriz, 646 lagun joan dira. Hori hala izanda, azpimarratu dute %12,25 hazi dela leku horiek bisitatu dituztenen kopurua, eta “eguraldiak, eskaintzen aniztasunak eta berrikuntzek” igoera horretan lagundu dutela gaineratu dute. Hain zuzen ere, Ekain Abentura da Ekainberrik martxan jarri duen berrikuntzetako bat. Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako margoak ezagutzeko, duela 14.000 urte gizakiak nola margotzen zuen ikusteko eta jasotako informazio hori guztia praktikan jartzeko aukera izan dute bisitariek jarduera horren bidez. Era berean, aurten pottokak izan dituzte Ekainberriko zelaian. Lili jauregiari dagokionez, Lilitarren ohorea antzezlanaren bidez ezagutu ahal izan dute hango ondarea bisitariek.(HITZAtik hartutako informazioa)