Agenda

Atzealdea

Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna

Udalaren adierazpen instituzionala
25 AZA

Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna

Azaroaren 25a, emakumeen kontrako mota guztietako indarkeria gaitzesteaz gain, indarkeria sortzen duten agente eta egitura guztiak gaitzesteko eta aski dela esateko egun bat da. Eta egun horretan erakunde publikoek, borroka horretan dugun lehentasunezko agente-izaera berretsiz, konpromiso zehatzak hartu behar ditugu. Emakumea izateagatik soilik indarkeria jasateko aukera txikiena dagoen bitartean, gure herrian ez dugu bakea edo normalizazioa lortuko. Horregatik, Zestoako Udalak, bi alderdien arteko adostazunez, ondorengo adierazpen instituzionala onartzen du.

ARRAZOIA:

Azaroaren 25a “Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna” dela-eta, Zestoako Udal honek, emakumea indarkeria matxistatik libre bizitzeko espazio komunak eraiki eta emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala oinarri izango duen bizikidetza eredua gauzatzeko konpromisoa hartzen du.

Herritarren bizitza kolektiboa kudeatzeko ardura duen erakunde orok bere agenda politikoaren lehentasun jo behar du indarkeria matxistarik gabeko herrialde eta lurraldeak eraikitzea eta baita gizarte igualitario baten defentsa ere, non emakumeek euren burua aske sentituko duten.

Sistema kapitalista neoliberalak patriarkatuarekin duen aliantzak emakumeen bizitzan zuzeneko inpaktu garrantzitsua izaten jarraitzen du. Horrela, aurten ere, Hego Euskal Herrian indarkeria matxistaren datuek gorantz jarraitzen dute.

Bitartean, kontzeptu horiek despolitizatzen dituen sistema batek bere gain harten ditu kontzeptu feministak, eta edukirik gabe uzten ditu, berdintasun faltsuko egoera bat normalizatzen lagunduz.

Errealitateak aurkakoa adierazten digu, ordea. Datu mediatiko eta ezagunenek, gorputzen aurka euren adierazpenik muturrekoenean eragindako zuzeneko indarkeriaren (bortxaketak eta heriotzak) datuek, deseroso sentiarazten eta oihartzun soziala sortzen duten arren, biktimen aurkako indarkeria mediatiko eta soziala handitu egin da eta indarkeria fisikoa jasan duten emakume horiek beraiek zalantzan jarri dituzte, euren baliatzeko gaitasuna kenduz eta bigarrenez biktima bihurtuz.

Aldi berean, oihartzun txikia duten indarkeria-adierazpenak daude. Komunikabide, publizitate eta musikaren bitartez ematen den indarkeria sinbolikoa, soldata txikiago eta lan-baldintza-kaxkarragoetan gauzatzen den indarkeria ekonomikoa, kontrola, gehiegikeria eta, zenbaitetan, indarkeria fisiko eta sexuala dakartzaten gazteen arteko botere-erlazioak, babes behar luken etxeko hormen artean hainbat emakumek jasaten dituzten tratu txar psikologikoak.

Ez da nahikoa indarkeria-adierazpen jakin batzuk aipatu eta salatzea horrelako ekintzaren bat gertatzen den bakoitzean; arrazoien gainean jardun behar da, sustraira jo behar da.

Beraz, beharrezkoa da indarkeria-adierazpenen arrazoietan sakonduko duen ahalegin bat egitea, emakumeen ekiteko ahalmenak onartuz, haien erruduntasuna gaitzetsiz eta indarkeria matxistarik gabe bizi ahal izan daitezen lagunduz. Eta horretarako ezinbestekoa da gure gizarte-ereduaren egitura-aldaketa bat egitea; hori ez egitea bidezko aldaketa baten aldeko konpromisoari uko egitea da. Eta gure egin behar dugu konpromiso hori gizartea osatzen dugun agente guztiok, indarkeriaren aurkako jarrera aktiboa ez hartzea indarkeria matxista eusten jarraitzea delako. Denon erantzukizuna da indarkeria matxistari zein hau zuritzen duten jarrerei, bakoitzaren eragin-eremutik, aurre egitea: erakunde publikoak, kultur-agenteak, komunikabideak, lan-arloko agenteak eta agente ekonomikoak. Familiek, adiskideek, kolektiboek eta arduradun publikoek ere zuzeneko erantzukizuna dugu.

Udaletik, gure herritar ditugun emakumeengandik gertuen dugun erakundetik, beharrezkoa da indarkeria matxistaren aurkako ekinbide integralak martxan jartzea. Indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei laguntza-zerbitzua bermatzea ez ezik, beharrezkoa da baita ere esku-hartzearen plano guztietan aritzea: Prebentzioa, detekzioa, arreta, babesa, koordinazioa, justizia eta erreparazioa ere bai.

Erreparazio honen helburua indarkeriaren biktimak guztiz osatzea izan behar da. Hortaz, barne hartu behar du inplikaturik zerbitzu eta sistema guztiak hobetzea, nola-eta horiek guztiak sistematikoki aztertuz.

Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, Udal honek sendo adierazi nahi du Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena. Era berean, indarkeria matxista desagerrarazi eta oinarrian sexu arteko harreman bidezkoak dituen eredu soziala eraikitzeko borrokan ari diren elkarte eta taldeekin elkarlanean aritzeko beharra azpimarratu nahi du, bide horren eraikuntzan honako konpromiso hauek gure gain hartuz:

  • Zestoako Udal honek, Emakumeen Mundu Martxak bultzatutako indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa bere egiten du.
  • Zestoako Udal honek, izateko eta izendatzeko modua orekatzeko xedez, aurrerantzean “indarkeria matxista” adiera erabiliko du, adituek hori erabiltzen baitute modu normalizatuan.
  • Zestoako Udal honek, kolektibo feminista eta emakume-taldeekin elkarlanean, herriari lotutako indarkeria matxistari aurre egiteko plana jarriko du martxan, honetarako beharrezkoak diren baliabide ekonomiko eta tekniko guztiak aktibatuz.
  • Zestoak Indarkeria Matxistaren aurkako Behatoki bat jarriko du martxan, erasoak identifikatu eta salatzeko, indarkeria hori ezabatzeko eta gertatu baino lehen prebenitzeko, emakume-taldeekin eta kolektibo feministekin elkarlanean.
  • Zestoako Udal honek, 2018ko aurrekontuak definitzeko unean, berdintasun-unitateei beharrezkok baliabide tekniko eta ekonomikoak emango dizkie, eta unitate horiek egonkortu eta indartzeko konpromisoa harten du.
  • Zestoako Udal honek, Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak sendotzeko, epaitegietako genero-unitateak indartzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.
  • Zestoako Udal honek hezkuntzako agenteei zuzeneko deia egiten die curriculum-lerroetan genero-berdintasun sar dezaten.
  • Erakunde honetatik, hau da udaletik, borroka feministaen alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.
  • Bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, besteak beste Zestoako Txoko Feministak eguerdiko 12:30etarako plazan deitu duen elkarretaratzearekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezan.